XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ONOMASTIKA BATZORDEA

Batzorde honek aztergai izan dituen gaiei (ponte-izenak, deiturak eta leku-izenak) exonomastika alorrekoak gehitu zaizkio, euskararen ofizialtasun egoera berriak hala eskatu ziolako, aurreko urteetan hasitako bideak fruitu oparoak eskainiz.

Nabarmenenak jarraian aipatuko direnak badira ere, badago etengabe egiten den lana, egoitzan zein ordezkaritzetan, telefonoz zein zuzenean: ponte-izen eta deituren ziurtagiriena, egunoroko bizitzan nabari handikoa, norberaren ponte-izena izaten delako pertsona baten lehen ezaugarria.

Bilkurak hilabetero egin dira, udako etenaldia salbu: guztira hamar.

Gizartearen eskaerak behartzen du batzordea hilabetero biltzera, gai askok eta askok berehalako erantzuna behar dutelako, bai herri-aginteen eskaerak, udal edo bestelako leku-izenez, baita gurasoenak ume jaio berriei izena jartzeko unean, gai bi baino ez aipatzearren.

Aurreko urteetan bezala, eta beti bere baliabide urrien mugapean, saiatu da batzorde hau onomastika alorreko euskararen jagote-lana egiten, batez ere herri-administrazioetakoek onomastika alorra begirunez eta legeari so eginez erabil dezaten.

Euskal Deituren Izendegia

1996an argitaratu nahi den deituren izendegiaren prestatze-lanetan, irizpide orokorrak finkatu dira lehenik eta ondoren, irizpide horietaz baliaturik, deitura-multzoak aztertu, eztabaidatu eta onartu dira banan-banan.

Aztertze-onartze lan hau irizpideei so eginez baina tokian tokiko erabilera kontuan izanik burutu da, beti ere euskal deiturei dagokien idazkera egokia emateko asmoz.

Datu nahikorik ez dagoen deituretan batzordeak hurrengo argitalpenerako uztea erabaki du, eta ondorioz deituraren bat ez bada azaltzen eskatzaileak zuzenean jo beharko du Euskaltzaindira.

Batzordeak, 1995ean zehar, Euskal Deituren Izendegia izeneko argitalpenean joango diren deituretatik hauek ikusi ditu:

- 5.000 deitura aztertu ditu, A-G letren artekoak.

- 4.000 deituraren idazkera onartu du, A-G letren artekoena.

Exonomastikako hitz zerrendak

Batzordeak exonomastika alorreko zenbait gairi buruzko txostenak prestatu eta eztabaidatu ditu, eta kasuan kasuko proposamenak euskaltzainei bidali zaizkie, ondoren Euskaltzaindiak, hala baderitzo, gai honetaz erabakia har dezan.